2012-05-24

5 urte / 5 años: Pilar Kaltzada


Besteak


Gure amonari galdetu nion behin. Harrigarria zen gure amona, bizkorra, buru argi-argikoa, hitz egokiak aurkitzen dakiten horietakoa. Galdetu nion behin, bada, hori guztia non ikasi ote zuen jakin nahi nuelako. Ez zen eskolan izango, irakurtzen ozta-ozta baitzekien. “Besteei entzunez ikasi dut dakidan apurra” esan zidan berak.

Besteak. Zu ez diren gainerakoak. Zure zapatetan kabitzen ez direnak, zure aje guztietatik bakar bat ere sufritzen ez dutenak. Besteak. Inguruan dauden horiek, hor nonbait, auskalo non.

Gaur egun, “besteak” gu gara, zurekin batera gabiltzanak. Ez gara zu, jakina. Baina zure bide berbera egiten dugu, Botxotik Ziberespaziora. Zorteak, patuak edo beste zer edo zerk jarri gintuen bidaide duela bost urte, mundura zabaltzen den leiho honetan. Eta leihoak berak mundu egin gaitu, elkarrekin jardutean, eta munduratu gara geu ere, gure kezkak eta dudak, sakonekoak eta axalekoak.

Mila esker, Iñaki, bestetarra bihurtzen lagundu nauzulako. Ni ez naiz sekula izango gure amona bezain jakintsua, baina hark erakutsitakoa ez dut ahazten: besteei entzunez ikasten da dakigun apurra. Bejondeizula.



1 comentario:

  1. Zein garrantzitsua den, Pilar besteei entzutea eta aditzea. Horregatik omen ditugu, besteak beste, bi belarri eta aho bakarra ;-)

    ResponderEliminar

Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.