Joan den mendean Leioan (II)
Bigarren kapituluan, Fisikaren txanda. Egia esan ez dut oso kontu barregarririk gogoratzen Joserra Etxebarria k ematen zigun klaseez. Fisika ikasi genuela bai, UEUko liburuska famatuak baliatuta besteak beste, eta igogailuei buruzko hamaika ariketa eginda ere bai. Bestalde, irakaslerik ezagunenetakoa zen, bere jarduera politikoaz gain (inoiz "mitin" txikiren bat ere bota zigun oholtza gainetik; egun batzutan atxiloturik egon zen), ibilbide luze samarra zuelako, besteak beste publizitate kanpaina batean ere agertu zen, Anaitasuna aldizkarian oker ez banago " fisika nuklearra euskaraz? bai jauna " izenburupean, garai hartan Suarez politikariak esandakoari erantzunez. Azterketek, gainera, Sailekoek gazteleraz jarritakoen berberak behar zuten izan, ez omen ziren gure harremanez fidatzen. Zeren eta sarritan bazkaltzen genuen elkarrekin ikasle eta irakasle batzuek Elorduitarren baserrian, Martiartu ondoan; jakina, jende ugari eta behin baino gehiagotan mahai berean elk...