Joan den mendean Leioan (III)
Hirugarren atala, Geologiari dagokio. Irakaslea, Maribel Arriortua zen; ez dakit bere ezagutza-esparrua patuaren kontua izango ote zen. Irakasgai honek zuen berezitasunik handiena ikasle kopuruarena zen nire ustez. Hau da, kimikarigaiok baino ez ginen elkartzen, eta zortzi baino ez ginen Maribelekin. "Hura luxua!" pentsatuko du norbaitek, baina, edozein egoerak bezala, bazituen alde onak eta txarrak. Besteak beste, ezin piperrik egin tabernan musean aritzeko; gehiegi nabaritzen zenez gero, irakasleak arrazoiez zuzenean galdetzen zuelakoan nago ;-) Halaber, aukera eman zion gure notak ia-ia aldez aurretik erabakita izateko, hasieratik kasik gure arteko sailkapena eraikita. Gutxi izateak arruntak ez ziren esperientziak izateko aukera eman zigun. Hala, "Kalkulu Zentroa" ezagutzeko aukera izan genuen; bai, Unibertsitatean zegoen ordenagailu erraldoiaren tokia. Erabiltzaileek txartelak baliatzen zituzten ordenagailuarekin komunikatzeko, alegia, ez zegoen, ez teklat...