Maitasun kanta bat, Mikel Markez
Ez da erraza kantaldiak (eta oro har, kultura-saioak) antolatzea pandemia-garaian. Baina hor doaz, apurka-apurka. Ezohiko uda honetan (eta ez eguraldiagatik soilik) bitan izan dut Esti eta Mikel Markez entzuteko aukera Uribe Kosta aldean. Horrela segitzen badut jarraitzaile sutsu edo grupi izateko bidean izango nautela ematen dit. Bi saioak antzekoak izan dira; azken finean, Azal berritzen disko berria izan dute oinarri eta hor, tartekatuta, Mikelen betiko abesti batzuk eta Estiren berriren bat. Eta bisean, honen hit-a, jakina ( Oroitzapenek esnatu naute ). Sopelan sorpresatxo bat, hala ere: Noka taldeko Andrea Bidart aritu zen kantari. Bietan oso gustura. Pare bat kontu aipagarri, nire ustez. Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikarien lankidetza bikaina (eta bakarrik aritu izan direnetan bi musikariak, jota eta arin-arina jotzen, bitxia eta polita gainera). Bestalde, aita-alabek abestien hitzei ematen dieten garrantzia, sarritan egileak aipatuz: Joseba Sarrionandia, Toti Martinez...