Joan den mendean Leioan (IV)
Kimikaren txanda 4. atal honetan. Bi irakasle genituen: Itziar Urretxak lantzen zuen alderdi teorikoa; Fernando Mijangosek, berriz, problemak. Laborategian biak egoten zirela uste dut. Ikusi dudanagatik, biak ei daude oraindik Kimika Fisikoa sailean eta bigarrena gainera UEUko kimika saileko buru.
Fernandoren argazkia argia.com-en aurkitu dut. Itziarrenik, berriz, arrastorik ez.
Itziarren klaseei buruz ez dut oroitzapen berezirik. Oro har, batxilergotik nekarren prestakuntzaren maila altuaz ohartu nintzen; horri nire letra handia gehituta, idazten nituen apunteak arrakastatsu samarrak zirelakoan nago.
Fernandori buruz, badago zer kontaturik. Besteak beste, garai hartan zuen euskara maila mugakoa zelakoan nago. Hala, problema berri bat hasteko formula hau zen: "problemak esaten digu"; bukatzeko, aldiz, "nire emaitza da". Tartean, arbelean idazten.
Honek arazoren bat bazekarren. Esate baterako, Xabier Insausti kideak sarritan jartzen zuen belarria paper ondoan ea problemak berari zerbait esaten zion, baina ez omen zuen inoiz horrelakorik lortu :-D Bestalde, atzealdean mutilkote bat eseri ohi zen, Zulaika abizenekoa bera. Euskara itxia zuen, eta gure Fernandok harek galdetzen ziona ulertzeko komeriak; eskerrak, lehen lerroetan esertzen zen Atxurrik (Xabier Azurmendik) itzultzaile lanak betetzen zituela, Zulaikaren adierazpenak "euskara batu ulergarriagora" ekarrita.
Xabier Insaustiren beste bat kimikan: "erloju beira" ateratzen zitzaigunetan, "erlojuari begira" jartzen zen, behin baino gehiagotan gainontzekooi barre eraginez, jakina.
Comentarios
Publicar un comentario
Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.