Euskara eta unibertsitatea, zientzia eta historia

Euskararen eguna ospatzen den honetan (ez dakit ba, hainbeste nazioarteko egunen kontu hau azkenean astun samarra delakoan nago) euskararekin eta plazarekin zerikusi estua duen beste kontu batekin natorkizu.

Agian ez duzu jakingo, baina kimikari izateko asmoz hasi nintzen unibertsitatean 81/82 ikasturtean, joan den mendean alegia.  Erabaki zail samarra hartu behar izan arren: lehen kurtsoa euskara hutsean egitea. Bai, egia zen ikastolan egin nuela garai hartako oinarrizko hezkuntza, OHO bukatu arte; gero, Derioko Seminarioan zenbait gai euskaraz lantzeko aukera ere izan nuela. Dena dela  unibertsitaterako jauzia, euskaraz eta lehendabiziko mailan baino ez, gerora ez baitzegoen horretarako aukerarik... ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Edonola ere, merezi izan zuen zalantzarik gabe. Zoritxarrez ala zorionez, batek daki, bukatu ez izanaren arrazoiak alde batera utzita, garai hartako oroitzapenik onenen artean  lehenengo urtekoek dute toki berezia.





Eta hara non, 29 ikasturte pasa ondoren, EHUko Leioako Zientzi Fakultatean euskal lerroetan hasi ginen lehenengo bost belaunaldiak biltzeko ekimena martxan dagoela jakin dut. Jesus Mari Txurruka ei dabil sustatzaile, orduko ikasleekin harremanetan jartzeko ahaleginean. Historia bai, zalantzarik gabe, euskararen bilakaeran urrats txikia agian, baina ez nolanahikoa.  

Garuna martxan jarri dit berriak. Eta datozen asteotan, garai hartako pasadizoak kontatzeari ekingo diot txoko honetantxe. Izan ere, Botxotik ziberespaziora joan aurretik, Botxotik Leioarainoko joan-etorria hamaika aldiz burutu nuen joan den mendean.

Comentarios