2016-08-29

Agur t'erdi, Jose Mari

Jose Mari,
egiteke geratu zait deitzea edota mezua idaztea. Badakizu, gaur hau dela, bihar beste hori dela... Azken aldiz, joan den astean esan nion neure buruari Aste Nagusia amaitu aurretik egin behar nuela. Izan ere, Otegiren kartel handi bat ikusi nuen Arenalean, eta, "Arnaldo" ikustean, zuk kontatzen zenuen pasadizoa gogoratu nuen, amak izen bat jartzeko esan ziola aitari eta hura okertu... Berandu bada ere, ezin dut blog-sarrera atzeratu. Zor dizut agurra (eta "ofiziala" ez da nahikoa neure golkorako).

Bai, egia da oraingoan ezin izango duzula iruzkinik idatzi. Iruzkingile finenetakoa izan zaitu txoko honek, 2007an sortu zenez geroztik. Are, 2012an erronkari eutsi eta sarrera idatzi zenuen bosgarren urteurrena ospatzeko; ondo ezagutzen nauzula (ez naiz ohitzen iragana erabiltzera) erakutsi zenuen orduan ere bai . Beste sarrera bat ere gogoko dut: desagertarazi zuten Heziberri blogean argitara zedin beste sarrera bat eskatu nizun, eta zientzia-fikzio (edo ez horren fikzio) istorio polita igorri zenidan. Zure txori urdinen ehiza ere hor daukagu.

Eta hor goian zaudela, gure Athleticen txapelketaren bat gozatuko duzula espero dut; egunen batean izan beharko du-eta, ezta? Atzo, berriz, antzeko kontuan Katedral berrian; sirimiria ere bai, plisti-plasta egiteko adina ez, baina zaleak bustitzeko bai. Mateu ere ohi bezala. Eta Barçaren garaipena, gehiegitan legez. Aste Nagusian geundenez, giganteak agertu ziren, gaitero eta guzti, baina atsedenaldian besterik ez. Lastima! Agian Pitxitxirenak golen bat sartu ahalko zuen kornerretako batean edo. Partida hasieran ere gogoan izan zintudan: isilunea (Aurtenetxeren heriotzagatik eta Italiako lurrikaran hildakoengatik, baina, nire golkorako, zuregatik ere bai). Beno, isilune isilunea ez; piano-doinua, ereserkiaren musikarekin.

Gehiagorik ez, gaurkoz. Tonua edota zaporea zeure gustukoa izatea espero dut, ikasleei antolatzaileen gatzarekin aholkatzen zenien bezala. Azukrearekin pasatzekotan eta eztikerian erori, kapaz zara San Pedro eta San Mamesekin pakturen bat egin eta erantzuna helarazteko.

Agur, Jose Mari. Agur t'erdi.

Hoy me toca un post de despedida, que no voy a demorar, como esa llamada o mensaje que me ha quedado pendiente. Alguien cercano, amigo, visitante y comentarista de este txoko nos ha dejado un poco más solos. Pero queda su espíritu reflejado en esos comentarios, en esos puntos de vista que ha compartido, conmigo y contigo, a lo largo de estos años, en su vuelo en busca de pájaros azules tuiteros

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.