5 urte / 5 años: Josemari Lasa


Botxotik ziberespaziora. Ziberespaziotik botxora: 5 urtez


Emiliano de Arriaga da ‘botxo’ hitza jaso zuen lehenetarikoa, ‘Vuelos cortos de un chimbo’ izeneko liburuan. Ehun urtetik gora pasa ostean, txinboak txinbo izaten dirau, lehen Emiliano, orain Iñaki; baina ezin esan, ordea, txinbo honen hegaldia laburra izan denik, dagoeneko bost urte iraun baitu Botxotik ziberespaziora eta Ziberespaziotik botxora.


Botxoa zuloa da, umeek jolasean aritzeko lurrean egiten dutena. Horregatixe, hain zuzen, izan dugu txoko honetan olgetan ibiltzeko aukera: musikarekin, hitzekin, argazkiekin, bitxikeriekin…

Baina jolasteko ez ezik, lurrean ereiteko egiten den zuloa ere bada botxoa. Eta horretarako ere eskaini zaizkigu bost urteotan zenbanahi aukera: ideiak, proposamenak, berriak, iritziak…

Finean, botxoa Bilbo da, mendi arteko zuloa, Londres eta Barakaldoren arteko nahastea J. C. Eguillor zenaren hitzetan. Hurbila eta urruna. Botxoa eta Ziberespazioa. Bada, Gabriel Arestiren hiritik ere izan dugu gune honetan lagin franko: Athletic, lagunak, tertuliak eta berriro Athletic…

Espazioak zuloak ditu, botxoak. Ziberespazioak ere baditu bereak. Eta espazioko zulo beltzek bezala, erakarpen-indar handia erakutsi du blog honek bost urteotan. Baina ez ezazue pentsa beltza denik zulo hau, zalantzarik gabe txurigorria baitu muina.

Bost urte… Bost urte ez dira asko itsas-dortokaren bizitzan; ez dago adin horretara heldu den inurririk, ordea. Oraindik orain, ez dakigu zenbat urteko bizi-itxaropena duten blogek baina, kasu honetan, zalantzarik gabe esan dezakegu luze ibilitakoa izan arren, gogoaren indarra lagun, pauso arina eta bizkorra sumatzen zaiola Botxotik ziberespaziorako ibilbidean. Zorionak, Iñaki!


 

Comentarios

  1. Beti behatzaile fin, Josemari. Eta ezin uka txoko honetako zenbait klabe ondo baino hobeto ezagutzen dituzunik ;-)

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.