Makurdura-motorra eta hiper ziberespazioa, Marga Ibáñez (#15Botxotik)

Mendebaldeko kulturan hamabost zenbakiak muga bat markatzen du edonoren eta edozeren denbora lerroan, zenbaki potentea da. Batzuk dira hamabost hori barruan duten liburuak, “Abuztuaren hamabosteko bazkalondoa”, “Hamabost urteko kapitaina” ; kantak, “Hamabostean behin”, “Hamabost urte ditu nire azukre koxkorrak”; eta esaerak, “urrutiko intxaurrak hamabost, gerturatu eta kosk” (zilegi izan bekit aldaketatxoa). Bilbotarrontzat, Andra Mari eguna, abuztuaren 15a, Aste Nagusiranzko atzerako kontuaren ataria da, egun handia inondik ere. “Neska poxpolinen” zenbakia ere bada, loterian eta antzinako loterian (gaur egun “bingo” deritzon horretan).

Ni neu maila pertsonalean, “hamabost” zenbakiari aiher natzaio modu berezian; gure aita otsailaren 15ekoa zen (baita Matt Groaning ere), aita Egunsenti kaleko 15garrenean bizi zen, “hamabosta” zeritzoten etxean; uztailaren 15a osorik bizi izan zuen azken eguna ere izan zen, Karmen egunean zendu baitzen. Hamabosta zen etxera ninderaman autobusa, eta oraindik ere bada hazi nintzeneko herrira naramana. Hamabosta, benetan, bai zenbaki oparoa, hamalau eta hamaika bestekoa, euskaraz “anitz, ugari, erruz, pilo, pila” esangura adierazten duten zenbakien artean lekua mereziko lukeena.

Oparoa dugu, orobat, Botxotik Ziberespaziora jauzi egiten duen blog hau, eta noiz eta maiatzaren hamabostean (15:15ean ote?) bai hamaika, bai hamalau, baita hamabost urte ere bete ditu, guri ospatzen bizitzeko beste aitzakia bat emateko.

Topa egin dezagun bada, eta ospa dezagun hamabosteko mozkorraldi alaia harrapatu arte, harik eta hurrengo urtemuga arte, “Sweet Sixteen” arte, hamaseigarrenera arte, aidanez. 
 

Marga Ibáñez
 
 

 

Comentarios

  1. Abestiekin jarraikiz, bloga maiatzaren 15ean abian jarri bai, baina "ez dakit ze ordu izango zen" ;-)
    16.erako bidean, momentuz bai. Adiskideak lagun, jakina.

    ResponderEliminar
  2. Anónimo5/25/2022

    Baina noren eskuen esku bai, alajaina!

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.