Josu Bergara, disko berria zuzenean

Ekainaren 18an aurkeztuko du Josu Bergarak bere disko berria, zuzenean egingo den kontzertu batean. Kafe Antzokian izango da, 21:30etan hasita. Hona hemen egin diogun elkarrizketa.

Josu Bergara, cantautor euskaldun y habitual de este txoko, presentará y grabará en directo su nuevo disco el próximo día 18, a partir de las 21:30 en el Kafe Antzokia. Antes del evento, nos ha contestado a algunas preguntas --en euskera, nuestra lengua de comunicación habitual--.


Nondik datorkie indarra abesti txikiei?
Sakonetik, bihotzetik, sustraietatik, barru-barrutik. Niretzat "Kanta txikien indarra" izenburuak bi esanahi ditu. Alde batetik, gauza txikiek duten indarra aldarrikatu nahi izan dut. Badagoelako bizitza honetan, mundua ikusteko modu berezi bat, xumeena, txikiena, gurea. Eta mundu hori, nire ustez, gauza txikietan, keinu txikietan ezkutatzen delako. Bestetik, esanahi biografikoa azpimarratuko nuke, bidea pixkanaka eta apurka-apurka egiten duten horietakoa naiz. Dagoeneko hamabi urte bete dira eszenatoki batera igo nintzenetik, modu profesionalean diot, eta "Kanta txikien indarra" izenburuak horri ere omenaldia egin nahi dio. Nire gelan, nire etxean egindako kanta txikiak sekulako indarra hartu dute azken urteotan eta jende askorengana heldu dira. Euskaraz abesten dut baina adibidez Catalunyan edo Valentzia aldean ere nire musika entzuten dute. Bada harro eta pozik egoteko kontua.

Desamodioa ei da kantautoreen inspirazio-iturri nagusienetako bat, baina ez dut uste zure kasuan halaxe denik, ezta?
Ba kasu honetan ez, zorionez desamodioa nire bizitza pertsonaletik urrun dago. Baina egia da, abesti guztiak ez direla autobiografikoak eta askotan kantak konposatzeko orduan beste pertsona batzuen, lagunen edo ingurukoen paperean jartzen naizela. Gainera nire abestiak beste hainbat kontu jasotzen dituzte, disko berri honen kasuan badago Bilbo hiriari buruzko kanta bat, baita Tartalo pertsonai mitologikoaren ipuina edo gure "Herri txiki zahar honetan" gertatzen diren hainbat kontuei buruzko kritika egiteko egin dudan letra.

Hala ere, zergatik izan ohi dira kantautoreen abestiak triste samarrak?
Ez dakit. Nire ustez kantautorea da abestiak konposatu eta kantatzen dituena, baina horrez gain, gutxienez nik ulertzen dudan eran, kantautore askok gizartearekiko konpromiso zehatza hartu dute. Halere, musikan sekulako aldea dago batzuen eta besteon artean. Nire ustez bakoitzak nahi duena adierazten du bere musikarekin, eta batzuei tristura hori azaleratuko zaie, beste batzuei poza edo aldarrikapena. Azken finean, zer da musika? Gauzak esateko, kontatzeko... modu bat.

Gustuko duzu bertsionatua izatea? (azken boladan, hala gertatu dela ikusi dut)
Bai, azkenaldian Madrileko punk-rock talde batekoek "Gure kanta" abestiaren bertsioa egin dute eta
Atzekabe erromeri taldekoek "Nora zoaz" abestia haien kontzertuetan jotzen dute. Beste talde batzuk ere egin dituzte nire abestien bertsioak. Norberak egindako abestiak, beste batzuen ahoan entzutean zeozer berezia sentitzen da.

Merezi du zure lana Sarean eskaintzea, eta dohain?
Bai. Nire ustez, gaur eguneko gizartean norbaitek wikipedian doan idazteak logikoa da ezta? Ba era berean nire abestiak askatzen ditut hasieratik. Ondorioz aspaldi erabaki nuen nire musika "Creative commons" lizentziapean eskaintzea, jendearengana heltzeko. Antzineko kanta herrikoien modura. Nire helburu nagusia egin dugun sormen lana zabaltzea da eta ibilibide musikalean aurrera egitea, ikastea, bidelagunak topatzea.

Aukeratu zure bizitzako hiru kantu (ez dute zertan zureak izan behar, jakina)

Galdera zaila! Txikitan etxean kantatzen zituzten abestiak asko gustatzen zaizkit: Amets, Pitxuen kanta, Joxe Migelen batela,... oroitzapen ederrak dauzkat abesti horiek entzutean. 
Azkenaldian asko entzuten ari naiz Ray Lamontagne-ren musika eta Manuel García kantautore txiletarraren "Pánico" albuma 

Ezaguna ez den kantariren bat esan beharko bazenu...
Ez dakit non dagoen "ezaguna" izatearen muga, baina oraintxe bertan "Dr.Maha´s Miracle Tonic" lagunak aipatuko nituzke. Musikari itzelak eta oso jatorrak.

Zergatik joan ekainaren 18an Kafe Antzokira?
Kontzertuan oso giro berezia sortuko dugu. Musikari talde dotorea (hari laukotea, pianoa, baxua, bateria...) batu gara, eta gainera lagunek ere parte hartuko dute: Mikel Markez, Maria Rivero, Gaizka Peñafiel... egun ahaztezina izango da.



Eskerrik asko, Josu. Badakizu non egongo garen ekainaren 18an.

Comentarios