Joan den mendean Leioan (II)
Bigarren kapituluan, Fisikaren txanda.
Egia esan ez dut oso kontu barregarririk gogoratzen Joserra Etxebarriak ematen zigun klaseez. Fisika ikasi genuela bai, UEUko liburuska famatuak baliatuta besteak beste, eta igogailuei buruzko hamaika ariketa eginda ere bai. Bestalde, irakaslerik ezagunenetakoa zen, bere jarduera politikoaz gain (inoiz "mitin" txikiren bat ere bota zigun oholtza gainetik; egun batzutan atxiloturik egon zen), ibilbide luze samarra zuelako, besteak beste publizitate kanpaina batean ere agertu zen, Anaitasuna aldizkarian oker ez banago "fisika nuklearra euskaraz? bai jauna" izenburupean, garai hartan Suarez politikariak esandakoari erantzunez.
Azterketek, gainera, Sailekoek gazteleraz jarritakoen berberak behar zuten izan, ez omen ziren gure harremanez fidatzen. Zeren eta sarritan bazkaltzen genuen elkarrekin ikasle eta irakasle batzuek Elorduitarren baserrian, Martiartu ondoan; jakina, jende ugari eta behin baino gehiagotan mahai berean elkartzen ginen.
Hala ere, badut egun batean Joserrak luzatutako galdera bat oraindik erantzuteke dudana. Eta maiz gogoratzen dut gainera. Euriarekin eta azalerarekin du zerikusia: nola bustitzen gara gehiago euria denean, astiro joanda edo korrika bagabiltza? Biziki eskertuko nuke baten batek erantzuna emango balit; seguru askoz lasaiago ibiliko nintzatekeela mundutik, euria ari duenean batez ere :-D
Argazkia, AIKOR webgunetik jasoa
Aurreko kapituluetan:
- Joan den mendean Leioan (I), biologiari eskainia
- Euskara eta unibertsitatea, zientzia eta historia
Hau ezustekoa! Txurrukaren gonbita jaso eta aspaldiko kideak ikusiko nituela onartzen hasita nengoen, udaberri aldera edo; baina uste baino lehenago hasi gara saltsan, ikusten dudanez. Joxerraren galderak komentatzen hasia zarela ikusita, nik ere buruan darabilt kontu bat: Xabier Insaustik esan zion Joxerrari, azterketa batean, ariketa batean datu bat falta zela: zer eta ate birakari bati itsastsita bera ere bueltaka zebilen euliaren masa! Oraindik dut buruan Joxerraren etsipena!
ResponderEliminarTarrat
Ay, zelako denporak haiek! Nork ez ditu gogoratzen euriarena, euliarena eta ardatzetan, planuetan, sarritan biraka,kokatutako behatzaile txiki haiek. Oraindik liburuskak nirekin ditut. Agur eta laister arte guztioi.
ResponderEliminarAlazne Z.
Hau ustekabe atsegina aspaldiko klasekideak txoko honetara hurbiltzea!
ResponderEliminarOngi etorri eta laster arte. Jakin beste hiru kapitulu izango direla gutxienez, gai bakoitzeko bat agindu baitut :-D
Eta ez dakit Alaznek aipatutako behatzaile txikiren batek desagertarazi duen, baina liburuska haietako bertsoren bat idatzi nuelakoan nengoen ;-)
ResponderEliminar