"Ez dut Cafe Boulevard ixterik nahi"

Iaz gaurko egunez itxi zuten Bilboko Areatzan zegoen Boulevard kafea. Gertakari honen harira, laster aterako du liburu bat Moskotarrak konpartsak. Itxieraren zurrumurrua hedatu zenean kanpaina bati ekin zion talde honek. Helburua bikoitza, kafea salbatzea batetik, negoziotik haratago Bilbon sustraitutako bilgunea izateagatik; bezero eta bisitarien oroitzapenak eta bizipenak ez galtzea bestetik. Hau honela, txartelak egin ziren eta Boulevarren bertan utzi, nahi zuenak idaz zezan. Eta 14800 baino gehiago jaso ziren!

Ekarpenak batu eta bahetik pasatu ziren. Era guztietakoak eta hizkuntza desberdinetan idatzitakoak jaso ziren, bilbotarrenak eta enparauenak, norbanakoarenak eta taldekoak edota aurreko belaunaldikoei entzundakoak, alaiak eta tristeak ... Egia esan, askok eta askok biziki hunkitu gintuzten. Aukeratutako 225 testigantza hautatuek aipatutako liburuaren zati bat osatuko dute. Horiekin batera, hainbat arlotako 181 pertsona ezagunenak bilduko dira. Eta ikusizko materiala: marrazkigile famatuek eginiko irudiak, Bizkaiko Foru Aldundiko artxibategitiko argazki zaharrak eta Txelu Angoitia durangarraren argazkiak (mila esker hemen jartzeko baimena emateagatik)

Bilbok zer galdu duen galdetu didate gaur Bizkaia Irratian. Kontuan izanda C.B. baten baten ustez "convivencia bilbaina" zela, elkartzeko eta kulturarako gune bat joan zaigula uste dut, erreferenteetako bat. Edonola ere, zertxobait ere irabazi dugu: ateratzear dagoen liburua bilbotarron eta kanpotarren elkartasunaren adierazle da, bat etortzea denok musutruk eginiko lan bat. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula egungo gizartean. Gainera, jasotakoak, azken finean, gizon eta emakumeen istorioak eta oroitzapenak ditugu, pertsonen "historia". Ez al zuen Unamunok esan, ba, mundua Bilbo handi bat besterik ez dela? ;-)

Comentarios