Liburutegi berria dugu Botxon
Eta seguruenik liburutegia baino gehiago, izena ere Mediateka baitauka Bilboko Alondegian atzo era ofizialean inauguratu eta hilaren 24an edonorentzat zabalik egongo den espazioak. Espazio handia, zabala, hesirik gabekoa barruan; hormak daudenetan gardenak dira-eta. Diseinukoa eta erakargarria, atzokoan behintzat.
Hara hurbildu nintzen, Mikel Agirregabiriaren gonbidapenari erantzunez, egunotako lan-zurrunbiloan tartetxoa eginda, jakinminak eta ikusminak bultzatuta. Azken finean, hamabostaldi eskasean modu askean bertatik ibiltzeko era izango dugulako.
Gustatu zitzaidan ikusitakoa; agian, proiektu osoarekiko ditudan zalantzak gainditzeko bidea izango dut honen bitartez. Kritikoki jokatuko nuela adierazi nion bertako buruari eta, hitzez behintzat, hala egiteko esan zidan.
Erronketako bat, egunerokoan izan dezakeen erabilera atzokoan hain txukun zegoenak. Neuri automailegua sustatzearena gustatu zait, materialarekiko hurbiltasuna ere bai, zer esan umeen guneaz. Deigarri, mac pantaila handia duten ordenagailuak bestelakoekin batera ikustea. Baina, gainezka egongo ote da? Erabilera intentsiborako pentsatuak daude altzari eta tresnak? Nola erantzungo zaie epe labur eta erdira euskarri kontuetan etorriko diren erronka berriei?
Edonola ere, eta hala onartu behar, XX. mendean jaiotakoa izanik paperezko liburuak ditudala maite; are, Bilboko liburutegietako ohiko erabiltzaile banauzu. Beraz, aukera ezinhobea Bilbo erdian hemendik aurrera izango dudana, igandeetan eta jaiegunetan irekita egongo dena gainera.
Comentarios
Publicar un comentario
Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.