2008-11-03

Heziberri, etorkizunerako hezi

Hau da joan den larunbatean DEIA egunkarian argitaratu didaten artikulua.

Ezagutza, baloreak eta erakundeak errealak eta aldaezinak direla pentsatzea uste hedatua da Stephen Downesen iritziz. Are, errealitatea berrikuntzaren arerio dela adierazi ohi du ikerlari kanadarrak. Antzeko ildotiko hausnarketa entzun nion lehengoan adiskide bati: berritzeko indarrean dauden eskemak apurtu egin behar direla. Bestela esanda, segurtasun batzuk ezinbestean kolokan jarri beharko ditugula aurrera egin nahi badugu. Berrikuntzek ez dakigula onartzea eskatzen dute azken finean. Baita arriskatzea ere, oinez gabiltzanean oreka galtzeko arriskua egon arren aurrera egiten dugunean bezalaxe.


Bestalde, egungo eta geroko erronkei eran-tzun egokia emateko berrikuntzari ekitea ezinbestekoa dela ematen du, hala maila pertsonalean nola gizarte mailan. Izan ere, testuingurua gero eta konplexuagoa izanik, badirudi ziurtasun eza izango dugula lagun aurrerantzean. Besteak beste maila glokalean mugitzea egokitu zaigu dagoeneko, hau da, hurbileko eremuan zein mundu mailan aritzea uztartzea Zerikusi handia izan dute Informazio eta Komunikazio Teknologiek, zalantzarik gabe, baina egoera zedarritzen diguten baldintzatzaile gehiago ere badugu. Orain arte aipatutako guztiari erantzuteko hezkuntza berritu behar dela ukaezina da hortaz.


Hala ere, ez diegu funtsezko galderei eran-tzun oraindik: nola hezi etorkizunerako? Zein da, orduan, behar den hezkuntza? Joera ba-tzuk argi samar eta onartuak omen daude, esate baterako, haur eta gazteak pertsona izateko konpetentziak eskura di-tzaten modukoa izatea, aldaketei aurre egiteko gai izateko eta bizitza osoan zehar ikasteko gauza izateko prestatzea, ikasten ari direnengan sormena eta ikuspegi kritikoa sustatzea... Dena den, ezinezkoa da planteatutako galdera zabal horiei ikuspegi bakarretik erantzutea. Horregatik hausnarketa kolektiboa sustatu beharra dago, erantzunak emateko zein indarrean jar-tzeko. Honelako bide bati ekiteko hobe izango da, beraz, lagunduta joatea eta sostenguren bat eskura izatea, iluntasun eta zailtasun uneak heltzen direnerako bidaideak izatea alegia.


Halaxe ikusten dut nik Heziberri ekimena. Labur-labur esanda Euskadin hezkun-tza birpentsatzeko lau euskal erakunderen baterako proiektua da.Hurrengoak ditugu lau erakundeok: Euskal Herriko Hezkuntza Administrarien Forum Europarra, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Innobasque eta Jakiunde. Halaber, aurreko paragrafoan azaldutako ikuspegiarekin hartzen dute benetako zentzua ekimenaren baitan eraikitako Heziberri webguneak eta aurrez-aurre elkartzeak.


Azken honi gagozkiolarik, Hezkuntza Administrarien Forum Europarraren estatuko eta nazioarteko XIX Jardunaldiak burutuko dira azaroaren 14 eta 15ean Bilbon. Bertan, hezkuntzaren esparruko profesionalekin batera familiak, udal teknikariak, ikasleak eta bestelako eragile sozialak elkartuko dira hezkuntza eta berrikuntza dituztela hizpide. Horrez gain, webgunean badaude parte har-tzeko zubiak eraikita.


Berrikuntzak praktikan jartzen diren ideiak direla aintzat hartuta, azaroan burutuko diren Jardunaldi horien ondorioekin zein webgunean jasotako ekarpenekin txosten bat osatu nahi da eta berau Euskal Hezkuntz Sistemako arduradunei eskaini, etorkizuneko erabakitze-prozesuetan lagungarri suertatuko zaielakoan. Eta prozesu honetan bidaide nahi zaitugu, zeuk ere hala nahi baduzu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Aquí también puedes colaborar tú.
Idatzi ere egin ahal duzu txoko honetan.